XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haurra, jaztean, zinezkoagoa eta bat-batekoa ahal da...?

- Courrèges-i beti gustatu izan zaio marraztea. Esaten zion aitak: Dibujoarekin ez duk etorkizunik. Bizartsu eta iletsu izanen haiz. Buhame bat izanen haiz. Lan serioago bati atxiki behar hioke.

Andre Courreges, Balenziagagandik ikasi zuen gizona

Aurreko artikuluan genioenez, Kristobal Balenziaga jostun handiak ikasle bakarra utzi zuen: Courrèges.

Andre Courrèges Nafarroa Beherekoa da.

Espaiñolez ederki mintzatzen da.

Eta euskaraz, behar denean, ez da gibel gelditzen.

Alabari izen euskalduna ezarri dio.

Pilotan ere egin ohi du.

Iruiñean nahiz Donostian, maiz inguratzen baita hiri horietara, bere etxean bezalaxe egon ohi da.

Courrèges-ek ez ditu, hala nola Balenziagak, printzesak jaunzten; inor guti bezala moldatu zaio bizi duen garaiari eta bere prototypoak ditu sortu.

Emakume normal eta soilak jazten dizkizu.

Lapidus, Givenchy, Carven, Marc Bohan, Yves Saint-Laurent, Camps katalana eta Pako Rabanne donostiarrarekin batera, egungo joste-munduan gorenetariko tokia du Courrèges-ek.

Xuria eta gorri-amapolak dira haren kolekzioetan margorik nagusienak.

Rouge Courrèges deitzeraino, urdin Persia edo arrosa indioa esan ohi bezala.

Zergatik agertu da André Courrèges, bere estiloaz ezezik, kolore berezi batzuez?

COURREGES.- Ene ustez, koloreak alaitasuna eta bizia adierazten du, bizitzan bilaka ari garen guztia. Haur batek nahiago du, beti, zuriz jantzia dagoen pertsona. Lurrari indar egiten dion eguzkia ere koloretan da zabaltzen: zuria, urdin argia eta gorria... Horregatik, gizonak (ez gizona den bezalakoak baizik nik nahi nukeenak) beti kolorez jauntzi behar luke.

COURREGES.- Bai, noski. Emaiozu haur bati koloretako arkatzen artetik hautatzeko. Alaiena bilatuko du. Beltza utzi eginen du.

Maxi moda jostundegi handietan aurkeztu baino lehen ere, esan zuen Courrèges-ek: Ez dut atsegin, ez du iraungo, bainan ene kolezio-zati bat maxi izanen da, ekonomia alderdiari begiratuz. Zuk beti nahiago duzuna egiten duzu ala Syndikal Kamarari eta merkatuko arauei lotu behar zatzaizkie?

COURREGES.- Lehen jende gutirekin lan egiten nuenean, nahi nuena, atsegin nuena egin ohi nuen; sor nezakeen linea bat zabaldu baino 2, 3, 4 urte lehenago. Ez zitzaidan axola, gehiegi, negozio batek lur jo zekidan: banuen diru pittin bat ataka txarrak iragaiteko.

1961ean finkatu nintzen neure kontura eta 1965a arte atsegin zitzaidana egin ohi nuen, publikoaren gustoak kontutan hartu gabe. Orain ere ez dut bide hori utzi, bainan ene kolekzioek hiru alderdi dute: atsegin zaidana, garaiak eskatzen duena eta... agirikoa. Zaindu beharra baitut nere posizioa, 500 pertsona dut, ukan ere, nere etxen eta beste 1.200-i lana ematen diot. Ez naiz bakarra. Ezin jolas egin besteen ogiaz.

- Courrèges-en kolezioa bakoitzak arima gazte bat, biziz, izpiritu bizkor eta alaidun arima bat adierazten du. Zer esan nahi du honek: zuk emakume edo emazteki gaztea bakarrik jantzi nahi duzula ala emaztekiaren gaztetasuna ahalik eta gehien luzatu nahi zenukeela?

COURREGES.- Bizitza aldatuz doa. 40 urte dituen emaztekiak ezin ditu izkutatu bere urteak. Zenbaitetan gertatu zait aurrean adin horretako emakumea 20 urteko bere alabarekin. Ez da bien artean alde handirik, silueta ia berdina dute biek, aurpegian igertzen zaio, beste inun ez. Ez da harritzeko, 40 urteko eta gehiagoko emaztekiekin topo egin eta artean badutela... halako zerbait ikustea...

Balenziaga jostun handiaren dibujo batzuk atzeman zituen arte. Izerdia, lana, urte askotako ihardunak gaztetasunez, alaitasunez eta ametsez beteriko modeloak, gonak eta frakak atzematera eraman zuen haren eskutik emakumeak poesiarako eskubidea eskura du.

Pintatuz ere ardiesten dizu Andrék poesia hori. Courrèges, jostuna ezezik, pintore on bat ere bai baita, emazteki eta honen munduaren pintatzaile. Zaila izango da, ordea, emakumeen munduan agintzea eta lan egitea?

COURREGES.- Lanean, emakumeak arretatsu dira eta otxan, lana atsegin dutenean. Anitz urte daramat emakumez inguratua eta ezagutzen ditut. Horiek ditut neure laguntza eta musa. Neure emaztea dut, lagunik hoberena ezezik laguntzailerik hoberena ere. Zori handi bat da hau eta erreztasun handiak ditu ematen.

Kolekzioa prestatzen ari garelarik, alaba etortzen zait batzuetan lantegira. Hura sartzen denean, badirudi etxe osoa sartu dela. Harek lagundu arren, lan asko egin beharra dut. 5 edo 6 ordu egin ohi dut lo. Pinturak liluratua bainaduka eta goizik jeiki behar ukaiten dut pintatzera.

Courrèges-ek, nahi duen erara jazten den fama du. Zamarra eta fraka hori-kanarioak erabili ohi ditu, fraka oso motzen azpitik bota zuriak oso aurrerakoi dirudite; beti polo zuriak eraman ohi ditu edo gorri-amapola kolorekoak... Zure ideietan jantzian bezain ausarta ahal zara?

COURREGES.- Ilargiko nekazari bat nauzu. Beti nere idurimenean aztarrika ari naiz. Ez dut deus ere jakiten ez zait besten eritzia axola. Nere obra zait axola eta ez nitzaz esan dezaketena. Miloika urtetan dabil mundua itzulika. Bizitza bat ez da ezer asko. Jendea joan egiten da. Loreak zaizkik gustatzen, zelaian behin hartu genituenak batikbat.

Loreekin mintzatzea zait gustatzen, lore grisik ez baitago. Koloredunak dira. Nik egin jantziak ere halaxe izan daitezela nahi dut. Mundu alaiago bat egin nahi nuke, kreazioko lehen egunekoa bezalakoa. Borroka eta lan egiten duten izpiritu gazteko emaztekiak jazten ditut. Besterik ez.

Andre Courrèges 1973 urtean.

EDORTA KORTADI.